Elkartekideen eskubideak eta betebeharrak
Era honetako erakundeetan ohikoak diren eskubide eta betebeharrak izango dituzte elkartekideek, sozietateko estatutuetako 29. eta30. artikuluetan xedatutakoaren arabera:
29. artikulua.- Hauek dira elkartekideen eskubideak:
1) Elkarteei buruzko Legearen edo Estatutuen kontrako erabaki eta jardunak aurkaratzea, aurkaratutako erabakiaren edukia ezagutu duten edo ezagutzeko aukera izan duten egunetik aurrera zenbatzen hasita egutegiko berrogei eguneko epean.
2) Elkartearen gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaerari, elkartearen kontu-egoerari eta elkartearen jarduerei buruzko informazioa jasotzea.
3) Elkarteko beste elkartekideen nortasuna, diru-sarreren eta gastuen egoera, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri edozein unetan izatea, datu pertsonalak babesteko arautegian aurreikusitako moduan.
4) Batzar orokorretarako deiak jasotzea, batzar orokorretara joan eta hitz egin eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste elkartekideren baten esku utzi ahal izatea.
5) Elkarteko Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta organo horietarako hautatzaile nahiz hautagai izatea.
6) Indarrean dauden legeetan zehaztutako elkartekideen fitxategian agertzea, eta elkartearen ikurra erabiltzea, baldin badu behintzat.
7) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza-organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
8) Talde-ekintza sozialetan parte hartzea, eta elkartekideentzako tresnak erabiltzea (federazioaren egoitza, liburutegiak, eta abar).
9) Elkartekideari diziplinazko neurriak ezarri aurretik, elkartekideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruzko azalpenak jasotzea. Neurriak hartzeko arrazoiak elkartekideei dagozkien betebeharrak ez betetzean soilik oinarritu daitezke.
10) Edozein unetan bajan ematea. Bajan eman arren, bete gabe dituzten konpromisoak bete beharko dituzte.
30. artikulua.- Elkartekideen betebeharrak:
Elkartearen helburuekin bat etortzea eta helburu horiek betetzen laguntzea.
Kuotak, zerga bereziak eta Estatutuen arabera elkartekide bakoitzari dagozkion bestelako ekarpenak ordaintzea.
Estatutuetatik eratorritako bestelako betebeharrak betetzea.
Elkarteko zuzendaritza-organoek baliotasunez hartutako erabakiei men egin eta erabaki horiek betetzea.
Gastuak estaltzen laguntzea, ezarritako kuotak ordainduz.
Batzar orokorrak, zuzendaritza-batzordeak, estatutuetan edo aplikatu beharreko arauetan ezarritako beste edozer betebehar.